«Ez gaude prestatuta eserita lan egiteko»

Hogei urteko eskarmentua du Etxeberriak. Ikusi ditu bizkar trinkotuak eta gorputz uzkurtuak, baina «okerrenak» jarrita lan egiten dutenenak ei dira. ‘Ergonomia eserita lan egiten dutenentzat’ eskuliburua ondu du.

Imanol Etxeberria Labaienek (Astigarraga, Gipuzkoa, 1969) istripu larria izan zuen, 14 urte zituela. Ikusmen urritasuna dauka ordutik, eta titulu zerrenda oparoa. Neuroerrehabilitazioan, osteopatian, neurodinamian, terapia miofaxaletan eta masajean espezializatuta dago: «Badakit zer den mina edukitzea».

Elkarrizketa, zutik ala eserita?

Eserita, aulki ergonomiko batean.

Horrela ondo?

Ni, bai. Apustu bat egingo bagenu, nik denbora gehiago iraungo nuke eserita zuk baino [Aurrera fisioterapia zentroko ohatila batean dago okerka jarrita kazetaria].

Diozu gizakia ez dagoela diseinatuta eserita egoteko.

Bipedoak gara, eta bipedo baten azken aztarnak hiru milioi urte dauzka. Prehominidoen garaitik, milaka urte egin ditugu biltzaile eta ehiztari gisa, eta, azken mendean, pertsonen erdiak eserita lan egiten hasi dira. Ez gaude prestatuta horretarako.

Zer egin kalteak gutxitzeko?

Eserita egiten ditugun ordu horiek denak konpentsatu. Kirol gehiago egin, zutikako mugimendu patroiak erabili, patroi hedatzaileak. Hau da: ibili, korrika egin, dantza egin, igeri egin…

Hedatzaileak diozu, txikitzen ari garelako?

Goizean neurri batekin jaiki eta gauean beste batekin oheratzea ornoarteko diskoek eragiten dute. Indargetzaile batzuen gisakoak dira, eta gerrialdean daudenak dira potoloenak, pisu gehiena orno lunbarrek jasotzen baitute. Lo egindakoan, disko horiek likidoa izaten dute; ez daude trinkotuta. Eserita ordu asko lan egitean, likidoa galduz joaten dira, eta trinkotuz.

Nola daude jendearen bizkarrak?

Jendea etortzen zait lan asko duena: igeltseroak, suhiltzaileak, nekazariak… Baina okerren datozenak eserita lan egiten dutenak dira.

Zergatik?

Ahultasun pila bat dituzte zutabean: sabelaldean zein atzeko partean. Muskulatura guztia ahuldua dute.

Horientzat egin duzu liburua?

Irakurri izan ditut ergonomiako liburu oso potoloak, oso nahasiak, harira ez doazenak. Oso gutxi ikusi ditut informazio eraginkorra zutenak. Hori egin nahi izan dut.

Horietako asko etxetik ari dira orain lanean: batean egongelan, hurrena sukaldeko aulkian, sofan, bulego inprobisatuetan…

Itxialdiak, telelanak… okertu egin dute horien egoera. Pandemia hasi zenetik, lan gehiago izan dut.

Aberasten ari zarete, beraz.

Aberasten ez, lan gehiago egiten esan dut. Fisioterapeuta lanean ez da inor aberasten [barrez].

Lan gehiagorekin, beraz.

Nabarmen gehiagorekin. Jendea gogortuta gelditu delako, eta gutxik egiten dutelako kirola hori konpentsatzeko. Eta Osakidetza nahiko kolapsatua egon delako ere bai. Jendeak nahiago izan du ez joan, kutsatzeko arriskuagatik, aurrez aurreko kontsulta faltarengatik…

Zein da gomendio nagusia?

Eserita lan egin behar baduzu, lehenengo gauza da eserlekua eta lantokia horretara egokitzea.

Nola?

Aulki on bat erosi. Enpresak ez badizu jartzen, erosi hala ere. Merezi du. Gero kontratua amaitzen zaizula? Eraman aulkia etxera.

Aulki ona diozunean, zer esan nahi duzu?

Aulki orekatu bat. Egokitu daitekeena. Goraka eta beheraka, aurreraka eta atzeraka ibili daitekeena. Garrantzitsuena da ez egitea horrenbeste denbora postura finko batean. Noizean behin mugitu, jolastu aulkiarekin [berearen gainean ari da azalpenak ematen].

Bola erraldoi batek ematen du horretarako aukera?

Aulkiak baino aukera gehiago ematen dizu mugitzeko, malgutasuna ematen dizu, eta ez dizu uzten erlaxatzen [bola baten bila joan da, eta gainean ari da ariketak egiten]. Ideala litzateke bi aulki edukitzea, edo aulki bat eta bola bat, eta tartekatu.

Beste gomendiorik?

Badaude itsuentzako programak. NVDA dohainik da. Testu luzeak entzuteko aukera ematen dizu. Bistari sekulako lasaitua ematen diozu, eta ibil zaitezke gelan, testua entzuten ari zaren bitartean.